info@dadkutxabank.org
Dadkutxa Campeon

DAD KUTXABANK (Gipuzkoa) GRANADA KONKISTATU DU

DAD Kutxabank (Gipuzkoa) areto-futboleko taldeak joan zen astean Kutxa arteko ACRECA titulua berretsi du, eta bere bosgarren titulua lortu du horrela.

Bidaia luzea egin ondoren Granadara, beste abentura bat hasi zen DAD Kutxabank (Gipuzkoa) areto-futboleko taldearentzat ACRECA estatuko txapelketan. Abiatzeko seinalea ohiko zozketa izan zen, eta ondorioz  B taldea egokitu zitzaigun CaixaNova eta Cajastur-ekin batera. Gero, hasiera-ekitaldia izan genuen Granadako Abades hotelean, eta bertan ongietorriko koktel bikaina eman ziguten.

GRITANDO

Lehenengo partida CaixaNova-ren aurka jokatu genuen. Laster bideratu genuen norgehiagoka hiru gol sartuta lehen minutuetan; azkenean 7-0, eta horrek garbi uzten zuen berriro irabazteko asmoa genuela.

Partidaren ondoren, talde guztiok bisita ikusgarria egin genuen La Alhambrara, eta gure gidari izan zen Lori-ren eskutik, leku zoragarri hartako txoko bakoitzaz gozatu genuen, eta historiako xehetasun asko ikasi genituen. Bisita amaitu ondoren, Realak derbian lorturiko garaipenaz gozatu genuen, baita Granadako gauaz ere, biharamunean atsedena genuen eta.

PATIO LEONES

Bigarren partida Cajastur-en aurka izan zen eguneko azken txandan, eta horrek aukera eman zigun markagailuaz jolasteko hurrengo txandetan aurkari erosoagoak izateko. Azkenean 2-1 gure alde, eta lehenengo fasean zerrenda-buru jarri ginen.

Arratsalde hartan bertan Granadako beste leku zoragarri bat, Albayzin auzoa, gizateriaren ondarea, ezagutzeko aukera izan genuen. Berriro ere Loriren eskutik, auzo bitxi honetako kale eta ikuspegi ederrak ezagutu genituen, eta amaitzeko, afaria Aixa jatetxean, anfitrioien oparia, eta txokolatea txurroekin Café Fútbol ospetsuan.

MIRADOR SAN NICOLAS

Final-laurdenetan CajaCanariasen kontra lehiatu ginen, aurkari gogor eta zaila, une batez ere amore eman ez zuena. Garaipenarekin (5-1) finalerdietara igaro ginen.

Arratsaldean, historiako beste eskola bat, oraingoan CajaGranada fundazioaren Andaluziako Oroimenaren museoan: Andaluziako historian zehar ibilaldi atsegina egin genuen maketa eta gauzaki historikoen bidez. Bisita honen ondoren, Vista Nevada jatetxeraino joan ginen, eta han afari bikaina antolatu ziguten anfitrioiek.

MUSEO CAJA GRANADA

Finalerdietan Cajastur, lehen fasean ongien ibili zen taldeetako bat ─CajaEspaña─ mendean hartua zuena, egokitu zitzaigun berriro. Lehenengo zatia gol gabe igaro ondoren, DAD Kutxabank (Gipuzkoa) finalerako sailkatu zen, bigarren zati miresgarria egin genuen eta, 3-0.

Finalean CajaGranada, finalerdietan DAD-Kutxabank (Bizkaia) kanporatua zuena, izan genuen aurrean. 1492an ez bezala, orduan Errege-Erregina Katolikoek Granada borrokarik eta odolik gabe kendu baitzioten Boabdil-i berau negar batean utzita, oraingoan borroka oso gogorra izan zen, odol, izerdi, malko eta guzti, baina azkenean DAD Kutxabank (Gipuzkoa) garaile (2-1), eta Granada konkistatu zuen, eta honela azken sei urteotako bosgarren titulua lortu zuen.

CON EQUIPO CAJA GRANADA

Bukaerako bazkarian, Miguel Mendozak, ACRECAko lehendakariak, kiroltasunaren trofeoa  eman zion taldeari, gol gutxien jasotako atezainarena Jokin Alañari, jokalari onenarena Javi Gomezi eta txapeldunarena DAD Kutxabankari (Gipuzkoa).

Oraindik ere izan zen astirik asteko azken ezustekorako, eta bildutako guztiak, geure taldekideak barne, aho zabalik geratu ziren iragarri zenean DAD Kutxak bere gain hartzen zuela XXXIII. edizioa antolatzeko erronka, eta hau non eta… Erroman! Aurrekaririk ez duen erronka da, eta honekin txapelketa berrindartu nahi dugu, talde eta lagun berriak erakarriz.

CON LA COPA DE CAMPEONES

Ohi bezala, taldeak ezin bikainago ospatu zuen titulu berria Granadako kaleetan zehar.

Lerro hauen bidez CajaGranadako kide guztiei eskertu nahi diegu antolatu duten txapelketa handia, bereziki Miguel Gonzalezi eta Miguel Mendozari, baita Loriri ere bere pazientziagatik eta historiako ikasgai ederrengatik, Abades hoteleko langileei beren adeitasunagatik, eta parte-hartzaile guztiei eta bakoitzari txapelketa honek bizirik jarraitzea lortzeagatik guztion artean.

Taldean honako hauek izan ditugu aurten: Jokin Alaña, Unai Ocaña, Iñigo Carcedo, Beñat Garmendia, Iker Matute, Javi Gomez, Iñaki Francisco, Urtzi Estebanez eta Jon Etxeberria (azken orduko absentzia).

Txapelduna : DAD-Kutxabank (Gipuzkoa)

Txapeldun-ordea : Asoc.Sagrada Familia de Caja Granada

3.garrena : DAD-Kutxabank (Bizkaia)

4.garrena : Hermandad de empleados de Cajastur

dadkutxa campeon