info@dadkutxabank.org

MUS : GipuzkoakoTxapelketa

“Pareak bai!!!”, botatzen du eskutik doanak “i” hori azpimarratuz.  “Ederrak”, erantzuten du bigarrenak irribarre txiki batekin ezpainetan.  “Triunforako” botatzen du hirugarrenak jendeari beldurra sartu nahian. Laugarrenak zorrotz begiratu bere kartei eta serio demonio esaten du: “Enbido txikira”.

Duela egun batzuk ikusi nuen, “Allí abajo” telesaioaren hasierako remake batean, eta Intxaustegi doktorearen lehengusuarekin (Hendaian jaioa baina Errioxan hazia) barrez lehertzen nintzen, bere inuzente-aurpegiaz, kolpean, tapetearen inguruan metaturiko tentsio guztia desegiten baitzuen, baita harekin zeuden beste hiru muslarien kontzentrazioa ere.

… Izan ere, hemen dugu, urtero bezala, adrenalina botatzeko aukera, eta aurkariak hartzen duena bakarrik kostako zaigu, eta hori, galtzen badugu. Ez dago tratamendu merkeago eta eraginkorragorik inguratzen gaituzten konplexu eta kezka guztiak konpontzeko. Ez yogarik, ez nolahalakoterapiarik, ez sendabelarrik, ez soldatapeko erozainik. Saio on bat 4 edo 8 erregetara, eta kito arazo eta depresio guztiak!

Gainera, irabazten baduzu, trago batzuk doan hartuko dituzu eta bizkaitarren lurraldean giputzen ordezkari izaten amaitu dezakezu 2017ko Kutxen arteko Txapelketan. Ezin da gehiago eskatu!!!  Mahaitik zerura, iaz Murtzian lorturiko Txapelketa berrestera eta txuri-urdinen porrotagatik mendeku hartzera!!!

Printzipioz (aste santua eta pazko astea igarota) apirilaren 24an hasiko gara gerra (baina ona) ematen, eta maiatzaren 26an bukatuko dugu, finalak jokatu, lagunarteko afaria egin eta (gero eta jarraitzaile eta sari gehiago dituen) txapelketa lasterraren ondoren. Era eta mota guztietako eginbeharrek ohiko lehiaketan parte hartzea eragozten badizute, hori ez da oztopo bukaerako otordurako eta ondorengo KO lehiaketarako izena emateko. Bikotearekin etortzen bazara ondo, eta bestela, guk egingo dizugu bitartekari-lana.

Bizi dugun ziurtasun gutxiko egoera honetan, aukera berezia dugu elkartzeko (batzuk ikusi ere ez ditugu egiten eta beste batzuk oso lanpeturik gabiltza), amorratzeko, barre egiteko, trago bat hartzeko, zorion andereaz gogoratu eta gainera… musean jokatzeko! Bihotz-bihotzez animatzen zaituztegu bertan parte hartzera!

Txapelketan ahalik eta bazkiderik gehienek parte hartu ahal izateko, 9 eskualdetan banatu da antolaketa (eta bakoitzak ongien datorkion eskualdean har dezake parte, ez nahitaez lan egiten duen horretan); eskualde-buruak honako herri hauek izango dira: AZPEITIA, BEASAIN, EIBAR, IRUN, ARRASATE, ERRENTERIA, DONOSTIA, TOLOSA eta ZARAUTZ. Agertarazi nahi dugu, zonalde horiek eratu ahal izateko, ezinbestekoa izango dela gutxienez eskualde bakoitzeko 5 bikotek izena ematea, bakoitzak bere taldea osatzeko helburuarekin. Bestela, hau da, gutxieneko bikote kopuru hori ez bada biltzen, eskualde horretan izena emandako bikoteak beraiengandik hurbilen dagoen eskualdean eraturiko taldera edo taldeetara igaroko dira. Urrutien daudenak beren eskualdean taldea osatzera animatzen ditugu, egun batean elkartu beren buruari “omenaldi” bat egiteko, eta bazkari eta afari artean joka ditzatela beharrezko partidak eta bidal diezazkigutela Donostiara (ez dago hain urrun-eta) bi bikoterik onenak.

Jakina, esan beharrik ez dago kirol honetarako ezin duela izena eman edozeinek. Gaztea bazara eta gainera emakumea, ahaztu!  Zer arraio!, garbi esaten zuen Intxaustegiren Errioxako lehengusu berak serieko beste une batean: “joko hau… erretiratu eta motel samarrentzat bezalakoa da, ezta?”

Txapelketa itzuli bakarreko liga gisa jokatuko da eta arautuko duten oinarriak bere garaian jakinaraziko zaizkie bertan parte hartzen duten guztiei.

Dagokion garaian jakinaraziko zaizkizue partiden lekua, eguna eta ordua.  Ordutegiari dagokionez, noski, lan-zirkunstantziak kontuan izango dira eta horietara egokituko gara.

Parte hartzeko interesa baldin baduzu, bidali mezu elektronikoa Mitxel Alonso-ri (mitxelalonso@gmail.com) honako datu hauek emanez:

  • Bikotearen izen-abizenak
  • Bulego edo sailaren zenbakia, eta lan-egoera (aurretiko erretiratu, erretiratu edo antzekoak)
  • Harremanetarako telefonoak / Telefono mugikorra
  • Zein eskualdetan parte hartuko duzuen
  • Jakinarazpenak jasotzeko helbide elektronikoa.

Oso garrantzitsua da telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa ematea. Jakinarazpen guztiak bide hauetatik egingo dizkizuegu (batez ere, posta elektronikoz).

Parte hartzeko interesa baldin baduzu eta bikoterik ez baduzu, bidali zeure izena eta saiatuko gara bikote-kidea bilatzen.

Izena emateko azken eguna: Apirilaren 12a (mesedez, ez utzi azken egunerako; mila esker!

Baita ere adierazten dizuegu Txapelketa honetako 2 bikote finalistak DAD-Kutxaren ordezkari izango direla  Kutxen arteko XXX. ACRECA Mus Txapelketan: aurten Bilbon izango da urriaren 5etik 8ra.

Txapelketarekin zerikusia duen edozein kontsulta egiteko jo ezazue Mitxel Alonso-rengana, zehazki bere helbide elektronikora (mitxelalonso@gmail.com).